XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKURGAIEI BURUZ OHARRAK Izan dut asmo berezirik ondoko oharrok irakurgaiei ezartzean.

Zenbait oharrek textu bat nola irarria, eta zergatik irarria, izan den aditzera ematen du.

Ostera, beste zenbaitek irakurraldiak nola apailatu adierazten du, haurrentzat eratu den liturkizunaren baitan batik-bat.

Hiru iruzkin ezar dakizkioke zabal-zabal eta argi ta garbi irakurgai orori, alegia: (1) Musika eta bereziki kantua, irakurgaiokin oso ondo datorrela nabaitua dut.

Irakurri-aurretik musikaldi egoki bat emateak, eta irakurraldia musikaz laguntzeak, gogo-giro on bat sor dezake.

Irakurraldi biren artean abesti edo salmorik, salmo-bertset soilik bederen, tartekatzea gomendagarri da guztiz.

Liburu-barruan, aldizka, salmoak ezarri dira, zenbaitzu bere oinekotxoa (estribilloa) lagun dutelarik; esan gabe doa nork bere gogara erants diezaiokeela oinekotxoa beste edozein irakurgairi.

(2) Parabola askotan aitatzen du Jesusek denboraren amaiera, munduko igitaldia burutu eta gauza guztiak berrituko direnekoa.

Itun Berriaren alde eskatologiko hau atzendu egingo du, agian, asmo okerrez atzendu, adineko jende askok; haurrentzat, berriz, papaita-asmakizun huts baizik ez da izango hori.

Holakotan, neuk egotzi diot pasarteari bere ondoa, hala-nola Honela ari ohi da Jainkoa, beronen zentzua aditzaileei egokitzea maisuen eta hezitzaileen gain utzirik.

Zera hori ez da inor harritzeko gauza, zeren, Jesusen kontakizunik xumeenean ere ageri bait da uler-mailarik aski, ipuia ematekoan Jesus bera ondotxo konturatzen zenez.

(3) Buka-bururik ez diot inongo irakurgairi egotzi, besterik beste, irakurburu edo bukaera-formularik mila ba delako: Bukatu da irakurgaia, Hona irakurgaia bukatu, Jaunak esana etb.

Nolanahi ere, haurrentzako liturkizunetan bukaera-bururen premiarik nik neuk ez dut ikusi; erabil daitezke, baina, beharra ikusiz gero.

Ohar hauetan eta ondoko aurkibideetan, zenbakiek gaien zenbakietara jotzen dute; hizki-letrek, berriz, gaiarteko irakurgaien ordenura: adibidez, 9(b) bederatzigarren gaiko bigarren irakurgaia da.